XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lastailak 27

Nere Maria maitea:

Neska koxkorretan zapata berrikin baino pozikago ibilia naun izeba Juliren etxean.

Egunean baino egunean hobeki.

Oharkabean joan zaidan hamabostaldia.

Atzo etorri ninunan etxera, arratsaldeko trenean, eta ailegatu bezain pronto, katilu bete kafesne hartu, eta tapakipera zuzenean, traste guziak beren hartan utzita.

Gaur jeikita gosalondoan aurreneko lana horixe egin dinat: trasteak beren lekutan para eta etxea pixkat txukundu; premia bazeukanan eta.

Hamabost egun besterik ez, eta ez dakin ongi ze hautsa zegoen!

Lanak bukatutakoan halako huts bat sumatzen ninan bihotz barrenean; izan ere, ez naun batere harritzen: irago ditudan egunak irago ondoren; eta horrexegatik pentsatu dinat hiri lau letra mutur eskribitzen jartzera.

Badizkinat gainera, kontatzeko gauza franko.

Badakin nola zen ezkontzekoa Ixiar?

Ba, ni ere han nindunan eztai bazkarian.

Izeba, joateko eta joateko, ez hunan ixiltzen, eta azkenean joan egin behar.